Igartza Saria 2023 argazki lehiaketaren 24. edizioan, gure elkarteak Beasaingo Udalarekin eta EHATEren babesarekin elkarlanean antolatutakoan, datorren maiatzaren 14an ospatuko den lehiaketa honetan epaimahaikide izango dira ondorengo argazkilari hauek:
Iker Aizkorbe
Betidanik gustatu izan zait marraztea eta margotzea, eta baita naturan murgiltzea ere. Argazkilaritzak, bi mundu hauek bat egiteko bidea zabaldu zidan momentutik, oso gustoko dudan afizio batetan bilakatu da.
Hasiera batean, oso sutsu eta “buru gabe” ateratzen nintzen hor kanpora eta aurrean neukan edozein motibo naturali ateratzen nizkion argazkiak, emaitzetan pentsatu gabe; dena argazkiak ateratzea zen. Denbora aurrera joan ahala, eta nire argazkietaz gain, beste batzuen lanak eta argazki on baten ezaugarriak zeintzuk diren aztertuz, askoz lasaiago eta selektiboago burutzen ditut sesioak, benetan zer jaso nahi dudan aurreikusiz eta horretara allegatzeko eman behar diren pausuak landuz. Momentu iragankor eta errepika ezinak, betirako momentu bilakatzen saiatzen naiz, une, argi, giro eta naturaren koloreetaz baliatuz. Gaur egun, paisai eta natura argazkizale dokumental bezala definituko nintzateke. Azkenaldian, argazkilaritza dokumentalaz gain, gauza pertsonalagoak egiten ere saiatzen naiz, argazki kamerak eta norbere fantasia abstraktuak buruan sortzen dituen argazki mota batzuk burutzen ahaleginduz. Hala ere, oraindik bide luzea dago lantzeko eta ideia asko asebetetzeko. |
Ainara Garcia
Geologoa eta argazkilari hernaniarra. 16 urte zituela argazkilaritzako hastapena eta sakontzea ikastaroa burutu zuen argazki kamera analogikoarekin eta etxean egindako laborategian ikasi zuen argazkiak errebelatzen.
Geroztik, hainbat tailer eta lantegietan parte hartu du azken urteotan argazkilaritzako teknika ezberdinak ikasiz: besteak beste, argazkilaritza estenopeikoa “Ibaia ez da toki bat” lantegian, zianotipia teknika “Urdin Urumea” proiektuan, argazkilaritza dokumentala “Ibaia erretratu gisa” lantegian…etab.
Amatasunak beste mota bateko argazkiak egitera bideratu zuen. Gaur egun erretratuak egiten ditu gehienbat, baina erretratuak egiteko garaian natura da bere inspirazio iturri nagusia. Bere argazkiekin sortutako “Naturari begiradak” erakusketa Zumaian, Hernanin eta Zarautzen izan dira ikusgai. Bestalde, Hernaniko Kaleko Arte Sorkuntzako beka jaso zuen eta “Emakumeak argazkitan” kaleko argazki erakusketa dago ikusgai Hernaniko kaleetan 2021 urteaz geroztik.
|
Iskander Barrena
Bizkaia erdialdeko herri txiki batekoa naiz, Larrabetzukoa hain zuzen ere. Herri honek, Gorbeia eta Urkiolako parke naturalak zein Bizkaiko kostaldea ditu bizilagun. Eta naturarekiko hurbiltasun honek, bere edertasunarekiko pasioa piztu zidan txikitatik. Ordutik hona, nire ikasketak eta lanbidea biologiaren arloan zentratu dira. Baso sistemetan espezializatu nintzen doktoretza baten bidez, eta gaur egun habitat honen hobekuntzaren ikerketetan eta lanetan aritzen naiz batik bat. Gainera hezkuntza eta sentsibilizazio programetan parte hartzen dut, gure ondorengoei natura nolakoa den erakusteko.
Naturaren behaketak argazkigintzarekin bat egitean, naturarekiko sentsibilizazioa lantzeko tresna eraginkorra bihur daiteke. Argazkien bidez, zuzenean ikus ezin ditzakegun momentu bakarrak behatu, aztertu edota horietaz goza dezakegu, baita norberaren barneko kuriositatea handitu ere. Eta guzti horrek, argazkiko bizidun zein paisaiaren inguruko informazioa aurkitzera eraman gaitzake. Horregaitik, hainbat argazki erakusketa kolektibotan parte hartu izan dut gure inguruko natura erakusteko.
|